Pedro Molina Temboury: ‘Irakurleak Txinaren ikuspegia aldatzea gura dot’

Pedro Molina Temboury: ‘Irakurleak Txinaren ikuspegia aldatzea gura dot’

Zigor Aldama 2016-11-29 11:36   BIDAIDE

Pedro Molina Temboury, Un Jardín en Shanghái liburuaren egilea.

Orain zazpi bat urte, Pedro García Temboury (Málaga, 1955) ia konturatu be egin barik Txinako gobernuaren espioi bihurtu zan. 2010. urtean, Shangháiko Nazinoarteko Erakusketako arduradunek nazinoarteko gaietarako aholkulari lanetarako kontratau eben nahiz eta era horretako ekitaldiotan esperientzia lar ez izan, Zaragozako Nazinoarteko Erakusketa apalagoan egindako lana kenduta. Hiru Arroilen presearen ganeko dokumentalaren errodaje sasoian egindako lagun batzuei esker eta krisialdi sakona bizi eban Espainian lan aukerarik ez egoala ikusita, edadean gora eginda, berrogeita hamargarren hamarkadan sartuta, Alderdi Komunistearen diruari ez eutson uko egin eta XXI. mendeko Txina deskubridu eban Txinako uriburu ekonomikoan lorategia dauen etxe bakarrenetako bat egoitza hartuta.

Horixe da behintzat Malagako idazle eta telebistako gidoilariak bere azken lanean, Un jardín en Shanghái (Almuzara argitaletxea, 24,95 euro) erakusten deuskuna, izan be, lehen personea erabilita errealidadea eta fikzinoa buztartzen ditu eta ez da erraza bereizten bata eta bestea. Egia esan, historiako Exporik erraldoienean, Espainiaren Komunikazino eta Edukien ardurea izan zituan gizonak munduko bigarren indarraren erradiografia zehatza egin dau. Eta eskertzekoa da Txinaren gorabeherak ardureagaz jorratzea, Shangháiko argien lilureak itsutu barik.

Egileak gizarte mailako ibilbidea erakusten deusku, alde turistikoari horrenbeste erreparau barik. Idazketea erraza da, apaindurarik bakoa, saiakeratik hurrago; Txinako erretratu kolektiboa adierazo guran, prototipikoak diran personaiak jorratzen ditu eta hasieratik amaierara dau lagun burokrata jubilatua, pensino eskasa osotzeko asmoz lanean jarraitzen dauena eta arazorik txikiena ikusten dauenean, uzkurtu eta barrura begira jarten dana. Berak ahalbidetu eban Txinako gobernuaren ustezko kontratazinoa eta mendekua sekretupean aztertzen dabilen maitale potoloagaz karramarro uletsu karuak tarteko dirala oturuntzak antolatzen dituan Alderdi Komunistako goi kargudunagaz bitartekari lana egiten dauena.

Aitatu goi-kargudun horren emazte sofistikatua be ezin ahaztu, haren senarraren desleialtasunaren atxakian berak be bardin jokatzen dauena, maitasun laukote berezia edo arraroa sortarazoz. Lanean, Temboury jn.ak aukerea dauka sasoiz kanpo dabilen gazte komunista bategaz lagun egin eta gazte iraultzailea zaneko denporan bizi izandako berotasun maoistea gogoratzeko, egun edadeagaz eta sano apaldutako berotasuna. Antagonistearen antzera, printzipe gorri homosexuala, Txinaren edegierea eta mendebaldeagaz lotutako guztiagaz Txinako gazteen obsesinoa islatzen edo adierazoten dauena. Azkenean, barriz, gitxiengo etniko bateko masajistea erakusten deusku, ibilbide profesionala kolokan jarten dauena bezeroen masturbazinoaren plazerra ezkutatzen dauen happy end edo amaiera zoriontsuari uko egiteagaitik.

Bistan da Temboury-k ondo eta zehatz ezagutzen dituala Txinaren gorabehera eta kontraesan guztiak; 1996. urtean heldu zan lehenengoz Hiru Arroilen presearen, munduko proiektu hidroelektriko handienaren ganeko dokumentalaren gidoia preparetako. Yangtse ibaian zeharreko bidaiak herrialdeko arteria nagusiaren ur gorri-horietan sartzeko ez eze, Zentroko Inperioaren historia aztertzeko be balio izan eutson, 2000. urtera arte makinatxu bat joan-etorri egin bazituan be. Hamarkada bat geroago, Shangháiko momenturik erabagiorrenetakoa biziteko aukerea ikusi eta ez eban alperrik galdu.
1.- Hogeita lau miloe biztanleko uria da eta Txinako erdigune ekonomikoa, milaka etxe-orratzez inguratua eta lorategi tradizionala ardatz dauen etxearen harian idatzi dozu…

Bai. Liburuko lorategia fikzinoa izan arren, Expoan beharrean egon nintzanean, lorategi ederra eukan apartamentugune batean biziteko aukerea izan neban. Eta uste dot Txinako metafora ona dala, izan be, natureak indar handia dauka oraindino porlanezko uri basatian, leku ezin hobea da gogoetarako eta hori opari ederra da asfaltoaren ganeko erritmo zoroan.
2.- Shanghaíko Erakusketa Unibersalari esker, Txinan bizi izan zinan eta hori dago liburuaren harian. Edozelan be, errealidadea eta fikzinoa buztartu dozuz. Zergaitik?

Kronikearen eta fikzinoaren arteko buztarketea da. Narratzailea nirearen antzeko edadea dauen gizon bat da eta, ohikoa izaten dan legez, autobiografikotik asko dago. Baina Sao Paulon bakarrik nengoala, liburua idazteko erabagia hartu eta argi izan neban Txinaren lehena eta oraina kontau behar nituala. Dana dala, lehenengo kapituluan kontetan dodan orain hamarkada biko Yangtse ibaian zehar egindako bidaia benetakoa da. Hortxe suspertu jatan Txinagazko interesa, izan be, gaztetan danak ginan maoistak eta ‘tao te ching’ lako liburuak irakurten genduzan piperrik be ulertu barik. Eta gaur egun be ez dogu asko ulertzen.
3. – Txinaren lehena eta oraina aurrez aurre dagoz zure nobelan eta sei protagonista darabilzuz arlo danak jorratzeko. Zelan aukeratu zenduzan?

Desbardinak, gorabeheratsuak izan behar zirala banekian, eta erronkea zan txinatarrak izatea. Personaia horreekaz maitemindu behar nintzala be nahitaezkoa zan. Hasteko danok inguruan ezagutzen dogun marmartia hartu neban, Txinak komunikazinorako dituan zailtasunen erakusgarri. Gero etorri ziran besteak. Personaiotan benetan ezagututako lagunen ezaugarriak dagoz, burokratak zein printzipe gorriak, Alderdi Komunistako goi-kargudunen semeak eta abar. Horrezaz gan, Factory Girls’ lako liburuetatik be makinatxu bat datu atera izan dodaz, batez be, nekazaritza giroko Laidi etorkina irudikatzeko. Asko irakurri dot eta gero hori guztia irabiatuta, koktel polita eta sinisgarria atera dodala esango neuke.
4. – Danak batera, Txinaren erradiografia orekatua dakarre. Herrialdea jarrera ideologikorik barik erakusten dabe…

Nire eretxi apalean, Txinako alderik ezkorrenak kontetako jokerea dago. Jenteak aurreretxi handiak daukaz eta Txinak lehenaldi osoa galdu dauelakoan dagoz. Baina milurteko tradizinoak ezin dira 70 urtean indar barik itxi. Horregaitik, herritarren artean oraindino gordetan diran tradizinoen bila ibilten naz gustora eta Shangháin hara eta hona ibiltea gustetan jat egoitza edo eraikin zaharren bila. Asko eta asko hor dagoz neoizko kartelakaz estalita egon arren. Txinak bildurra eragiten dau ekonomiaz baino ez dalako berba egiten baina hango herritarrakaz badaukaguz antzekotasunak be, berbarako, altu edo ozen berba egitea edota antolaketarako dagoan kaosa. Liburuagaz indarrean dan xenofobia apaltzen saiatu naz.
5. – Baina Txinaren alderik ilunenak be aztertzen dozuz…

Jakina. Egungo mirakulu ekonomikoa ahalbidetu dauen Iraultza Kulturala zein nik neuk bizi izan neban askatasun eza Expoan zehar. Baina txinatarrak etorkizunari begira dagoz eta itxura ona dauka, ganera. Espainia txanponaren beste aldea da.
6. – Krisi sakona bizi dauen Espainia irudikatu dozu Expoan, Txina indarra hartzen doan bitartean. Ze etorkizun ikusten deutsazu Txinari?

Gaur egun munduan bizi doguzan aldaketa askotan Txinaren eragina dago nabarmen. Eta makinatxu bat aldiz porrota aurrikusi arren, Txinaren eredu politiko eta ekonomikoak aurrera egingo dau eta indartu egingo da ganera nazinoarte mailan. Birkokapen prozesua da, Txinak munduan jagokon lekua hartu daian eta horrek lurrikara globala eragiten dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Leave a Reply

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Uso de cookies

Este sitio emplea cookies de Google para prestar sus servicios, para personalizar anuncios y para analizar el tráfico. Google recibe información sobre tu uso de este sitio web. Si utilizas este sitio web, se sobreentiende que aceptas el uso de cookies.

ACEPTAR
Aviso de cookies